2024-5-24
GURE EKOSISTEMA BIZIBERRITZEN ARI DA!
Aurten landatu ditugun 50 frutarboletatik ia denak loratuta daude. Euskal Herriko zuhaitzen haztegiko sagarrondoak eta udareondoak landatu genituen. Haien laguntzaren truke Euskal Herriko baso jangarrien sarean sartu ginen eta haiek txertatutako frutarbolak baliatu genituen.
Lehen zuhaitz loratuak (apirilean)
Urmaela ere kolonizatua izaten ari da. Txundituta gaude, zein abiaduran ari diren bizidunak inguratzen.
Uretako hainbat landare jada bertan instalatu dira. Intsektu urtarrak ere ikus daitezke batera eta bestera, ditiztidoak eta zapatariak esaterako…
Urmaela ia hesituta
Maitasuna ere etorri zaigu anfibioen aldetik. Zapo bikote bat behatu genuen harreman betean.
Zapoen izen zientifikoa Bufo bufo da. Bitxikeria bat honen inguruan. Badakizue zergatik jarri zitzaion izen hori?
1707 urtean jaio ziren bi zientzialari lehiakide; Linneo eta Bufon, nork baino nork bizidun gehiago izendatuko. Diotenez, haien arteko harremana ez zen ona. Linneo apoa deskribatze lanetan zegoen. Linneoren ustez, apoa ez zen animalia bereziki polita eta ohoragarria eta deskribatu ostean izena jarri behar zitzaionez, bere lehiakide Bufon-en abizena erabiltzea otu zitzaion asmo maltzur argiarekin. Egia da, bufo, zapoa latinez izendatzeko hitza ere badela. Batek daki egia zein den.
Zapoak, zapo eta gizakiak, gizaki…
Carlos Linneo Bufo bufo Georges Bufon
Apo emeak, arrak baina askoz handiagoak dira. Izan ere, emeek baitute ehundaka arrautza erruteko ardura. Arrak askoz txikiagoak dira; emeen heren bateko tamainakoak edo. Udaberri sasoia iristen denean, bikoteak elkartzen dira. Inguru bereko arren artean lehia bizia izaten da. Arrak emearen gainean jartzen dira haien lepotik gogor eutsiz. Beste arrek eme gainean helduta dagoen hori bota nahiean aritzen dira. Eutsita gelditzea lortzen duen arrak du aukera gehien emeak erruten dituen arrautzak ernaltzeko.
Zapo arra (txikiagoa) Zapo emearen gainean helduta, biak ur azpian daudela
Hauxe gertatu zen gure urmaelean eta horren ondorioz arrautza ernalduak zapaburu bihurtuta ikus ditzakegu orain igerian.
Asko poztu gara egindako lanaren ondorioak ikusita!
Anfibioak oro har kontserbazio egoera zaurgarrian daude eta honelakoekin begira!
Hurrengo generazioa errazten ari gara!
Bestetik, urmaelaren hesitze lanak aurrera doaz. Ez zaigu asko falta, berehala sartuko dira hesia barnizatzeko ikasle taldeak jokoan.
Animo!