2024-4-17
2024ko Udaberria Olabiden
(Erregenerazio Ekosistemikoa)
Etorri zaigu udaberria, martxoaren 20an sartu ginen urtaro honetan eta argi orduen luzerak eta tenperaturak izan dute landaredian eta oro har basabizitzan ondoriorik; kimu berriak sortu dira, zuhaitzak loratu dira, hegaztiak ari dira batera eta bestera bikotekide berriarekin habia non egingo begira, belarjaleak kimu berriez ase, azeriak zelatan, negu gogorraren osteko baraualdiari bukaera nola jarriko…
Guztiak hurbildu dira Olabideko baso jangarri eta urmael aldera. Orain baso jangarri eta urmael diren horiek, lehen hondatutako lur eremu soil bat ziren eta Ikastolan ekosistema degradatu hori erregeneratzen gabiltza. Ba al zenekien?
Bada gurean orain, baditugu hainbat belarkara zuhaitz eta zuhaixka: toki degradatuenetan landare erruderalak, landare hauek ez dira lehiatzaile onak baina lurzoru degradatuak kolonizatzen ezin hobeak dira. Hauen artean ditugu; ezpataplantaina (Plantago lanceolata), txikori belarra (Taraxacum officinale), graminioen taldeko belarrak (Poa pratensis) eta (Festuca occidentalis), hirusta (Trifolium pratense), argi- belarra (Alfalfa) (Medicago sativa)… Hauek beste landareei errazten diete bidea lurzorua onduz. Geroago datozen sastraka eta zuhaitzak ere baditugu. Ertzetan bereziki Rubus fruticosus masustondoa. Bastetik ezer gutxi dugu, belarra maizegi mozten delako.
Edonola, gu geu landatutako hainbat frutarbola eta bestelako zuhaitzak ere baditugu.
Aurten, 50 gehiago landatu ditugu; erdiak udareondoak eta beste erdiak sagarrondoak, hauek EH-ko Hazi mintegiarekin egindako akordioari esker lortu ditugu. Hauez gain lehendik ere gereziondoak genituen eta azken hauek dira orain lore ederrez jantzi diren lehenak. Zein bista polita! Jertera joan beharrik ez daukagu.
Urmaela izan da aurten denentzat atentzio puntua, urteetako lan isil eta bakartiaren ondorioa izan da baina. Ez da gaurko kontua.
Oraindik lurra heze dagoela aprobetxatuz, atzo hasi ginen urmaela hesitzeko lehenengo lanetan.
Edonola, hau ere izan da hainbat animalien bisitaren arrazoia. Azeriak, basurdeak, orkatzak, erbiak, eperrak, basateak, okil berdea, miru gorria, mikak, zozoak, pitxartxarrak amilotx urdinak, txantxangorriak, buztangorriak, kaxkabeltzak…
Hauxe izango litzateke gure ekosistema txiki honen piramide trofikoa:
Ikus daitekeen bezala oinarri zabala du. Oinarria landareez osatzen da. Bizidun autotrofoak dira hauek. Hauek dira goitik dituzten beste guztiak elikatzen dituztenak.
Maila honetan pilatzen da ekosistemako energia eta biomasa gehien, horregatik irudikatzen da hain zabal. Honela mailaz maila, energia edota biomasaren murriztu egiten da piramide itsura hartzen duelarik.